Modulua - Begisare elkartea

    Oraingoan, Gipuzkoako Erretinosi Pigmentarioa duten pertsonen elkarteko, hau da, Begisare Elkarteko kide batzuen bisita izan dugu, ikusmen-urritasunaren inguruan sentsibilizatu eta kontzientziatzeko asmotan. Erretinosi Pigmentarioa duten pertsonen errealitatea ezagutzeko aukera izan dugu, lehenengo pertsonan bizi duen pertsona baten testigantza jaso dugularik. Hitzaldia amaitzeko, guk ere errealitate anitz horren zati txiki bat bizitzeko aukera izn dugu, errealitate birtualaren laguntzaz, denbora labur batez pertsona horien azalean jarriz. Azken jarduera hau, jolas moduan hartu bagenuen ere, ohartu gara egunerokotasunean uneoro horrela bizitzeak sor ditzakeen deserosotasunak eta arazoak ez direla jolasa. 

    Hitzaldi honi buruzko gogoeta eginez, ohartu gara ikusmen urritasuna duten pertsonak ez direla soilik itxuak, hau da, haien urritasunaz aparte behar sozialak dituzten pertsonak direla eta errealitate anitz asko daudela haien artean ere. Honekin esan nahi duguna da, askotan, ez dugula pertona hauek ezagutzeko aukerarik edo asmorik izaten, eta horrek ez du laguntzen haiekiko ditugun aurreiritziak baztertzen. 

    Gainera, ulertarazi ziguten haiek ez direla arazoa eta ez ditugula errukiz tratatu behar, baizik eta, guk daukagula arazoa errealitate anitzekin bizitzeko gai ez garenean. Hori moldatu edo errazte aldera, horrelako errealitate batekin topo eginez gero haiei laguntzeko gomendio eta aholkuak eskaini dizkigute. Horretarako, bideo bat ikusi dugu hobeto ulertzeko. Oso gomendio errazak eta logikoak dira, baina horrelako pertsonekin sarri urduri jartzen gara, pena sentituz. Guztiz alderantzizkoa izan beharko luke, normaltasun osoz lagunduz, laguntza beharko balute. 

    Azkenik, errealitate hori ezagutarateko haiek sortutako ikurraren inguruan hitz egin nahi genuke. Ikur honen bidez, ikusmen urritasuna dutela ohartarazi nahi dute, baita guretzeko ez-ohikoak diren jarrera eta ekintza batzuei azalpena eman ere. Oso hitzaldi interesgarria izan da, normalean oso gertutik bizi ez dugun beste errealitate bat hobeto ezagutu eta modu batean bizitzeko aukera izan dugularik. 

    Hemen ikusmen urritasuna duen pertsona bat laguntzeko 10 gomendio azaltzen dituen bideoa aurkituko duzue. 

    Amaitzeko, jarraian ikusmen urritasuna duten pertsonak identifikatzeko ikurrari buruzko informazioa ematen duen esku-orria uzten dut. 


















Iruzkinak

Mezu ezagunak